Lurraren, unibertsoaren eta emakumearen kolorea du Atanas Akerstraren lehen diskoak: blues musika bezain beltza
irene elorza
Atanas Akerstraren arima beltza da Roge Astigarraga musikaria (Azkoitia, 1971). 15 urtez blues eta sustrai musikarekin esperimentatu ondoren, zortzi abestietan sartu du misterioz betetako bidaia hipnotiko horren taupada.
Zer dago Atanas Akerstraren atzean?
Atanas Akerstra bezala bakarrik nago, eta disko hau disko proiektu bat da, ez da zuzenera eramango. Baina, Akestra bezala gustatuko litzaidake zerbait gehiago irtetea, eta nonbait Akerstra horrek jokoa ematea taldeak edo proiektuak sortzeko. Esate baterako, asko gustatu zait Artxi Piel-ek diskoan bere kanta grabatu eta Artxi Piel Akerstra bezala diskoan ateratzea. Nik uste dut blues eta rock zaharrean, beltzen musikan oinarrituta dagoenez azken finean, oinarri zabala duela, eta nahi duenak parte hartzea badu horretan. Akerstra gauza ireki bat izatea gustatuko litzaidake.
1991tik 2006ra bitarteko sormen lana jasotzen du diskoak, baina zein harirekin lotu duzu guztia?
Blues edo beltzen musikarekin. Tarte honetan Akauzazten ere ibili naiz, baina bazeuden grabazio batzuk Akauzaztekin ez zihoaztenak bat, eta horiek bideratzeko Atanas Akerstra sortu zen. Ni Matadeixen hasi nintzenetik orain arte, izpiritu komun bat daukaten grabazioen bilduma da disko hau.
Zergatik aukeratu duzu blues edo roots musikaren bidez adieraztea?
Nik uste dut txikitatik horixe jan dugula. Ez zait hori bakarrik interesatzen, baina hori asko jan dugu, eta nahita ez barruan daukat. Musikalki nire eraginik nabarmenena horixe da.Bluesa Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldearekin lotzen da gehienbat, baina zuretzat hori baino gehiago da, ezta?Nik uste dut Afrikatik datorrela bluesa. Gainera, aipamena egiteko une ona da hau, orain bi aste Ali Farka Toure hil zaigulako; bere historia hori da, berak musika egiteari utzi zion, eta John Lee Hooker entzun eta gero, harrotasunez esan zuen: «Hau gure musika da», eta orduan hasi zen berriro musika egiten. Nik nahiago dut pentsatu Afrikatik datorrela bluesa, han hasten dela, eta Ali Farka Toure entzun eta gero ez daukat inolako zalantzarik.
Hizkuntza edo sentimendu unibertsala da bluesa, beraz.
Bluesa, flamenkoa bezala, eta sustraidun musika guztia bezala, azken finean unibertsala da, eta edozeinek egin dezake edozein tokitan.
Itxuraren eta presaren gizartean bizita, zure ustez ezinbestekoa al da sustraietara, atzera begiratzea?
Saiatzen naiz bizi osoa, eta musika ere bai, sakon-sakonetik bizitzen. Eta bizia den momentutik horixe da, eta osotasunean bizitzen denean urrutira joaten da, gure hastapenetaraino, gizakiaren hastapenetaraino. Ez dut ezer bilatu nahi izan, baina gustatzen zait arbasoekin lotura bilatzea, bestela musika eta bizi osoa oso azalean geratzen dira. Gauza benetan inportanteak zaharrak dira, asmatu ez dugulako ezer asmatzen. Konturatzen naiz disko pila ateratzen direla, eta %99,9 zabor hutsa dira, bai musikan baita beste gauza askotan: telebistan zer ikusten diren, zer gauza jaten diren... Hortik aldendu nahi izan dut, eta mantso lan egitea gustatzen zaidanez (eta nahiz eta ez gustatu, horrela funtzionatzen dudanez), hori aldarrikatu nahi izan dut. Inportantena ez da azkar ibiltzea, baizik eta gustuko gauzak egitea.Matadeixe izan da zure musikaren sorlekua, eta imaginatzen al duzu etorkizuna Mataderorik gabe?Ez, eta ez zait interesatzen imaginatzea etorkizuna Mataderorik gabe. Iruditzen zait hau hemen dagoela, gurea dela, eta heldu egin behar diogula herri bezala. Lurra, lantzen duenarena den bezalaxe, hau gurea da, eta ez daukagu hemendik alde egiteko asmorik.