|
akauzazte
04/5/1 Bera -zuzenekoa- |

akauzazte“04/5/1 Bera”. zuzeneko CDa, autoekoitzia, 2005ko
udaberrian kaleratua.
2 mikrofono eta minidiskean, Bidasoa ertzeko Berako kulturetxean zuzenean
jaso eta ia urtebetera argitaratzen dugu orainarteko lanik "prexkoena".
Mozketa batzuk izan ezik inolako moldaketa-konponketarik gabea.
Zuzeneko soinu eta grabaketa arduraduna Ibai Gogortza. Argazkiak Asier Gogortza.
gure esker ona Berako Ertz kolektiboari
nahiz gure zuzenekoetara etorri diren lagun guztiei.
gisa + aitaren etxean, berriro, aintzina, basabereak, suharriak
+ bat, gimiendo brasas, yonki, eta gorpuziega.
aitaren etxean-en hitzak Omar Nabarro. aintzina, basabereak, hitzak Joxanton
Artze. gimiendo grasas, jatorriz después de nunca taldearen abestia
da. gorpuziegaren bukaeran Nepaleko soinu-grabaketa entzuten da.
Espresuki Creative Commons-en
lizentzipean atera dugun lehen lana da hauxe, norena eta zer den azalduz gero,
jeitsi, kopiatu, banatu eta nahi duzuena egin dezakezu berarekin, beti ere
diru-irabazirik tarteko ez bada.
"04/5/1" irudiak |
Bidasoa ertzeko Berako kulturetxean zuzenean jaso eta ia urtebetera
argitaratzen dugun CD berri honetarako promozio orria Valentziako gure lagun
Óscar eta Raquelek idatzi dute, euskaratze lana berriz Karmen Irizar
Segurolak egin du. Gure eskerrik beroenak.
AKAUZAZTE: BUKAERAREN BUKAERARAKO MUSIKA
Nahasmena da nagusi garaiotan: gatazkak, injustizia, miseria, diruaren nagusigoa
beste ezeren gainetik, aldaketa klimatikoa, ama natura txikituta, informazio
eta irudiz gainezka sentimenak atrofiatu egin zaizkigu. Gure kontzentrazio esparruan
ez dago ez argindarrezko hesirik, ez zaintze dorrerik, baina preso gaude, horrelakorik
nahi ez badugu ere. (Orwellek, Ballardek eta Burroughsek aspaldi ohartarazi
gintuzten). Zur eta lur begiratzen diogu milurtekoaren amaierari, espaziuntzietan
ibiltzekoak ginen milurtekoari. Munduko gosea behin betiko bukatzekoa zen milurtekoan,
badirudi azkenean, gizakiaren amaiera motel eta mingarria baino ez dugula ikusiko.
Pandemonium honen erdian dago Akauzazte izeneko artisau taldea. Hamar urtetik
gora ari da nahastu ezin daitekeen estiloa garatzen. Ikuspegi komertzial, moda
edo musika joeretatik haratago doan estiloa. Modernitatea eta primitibismoa
lotzen dituen estiloa. Azken urteetan penintsulan eta Euskal Herrian egin den
beste ezerekin alderatu ezin daitekeen estiloa. Inor gutxik zapaldutako bideetan
ibiltzen ohituta eta desertuan euren bide propioa egiten duten nomadak izanik,
euren musika kontzeptu propioa osatu duten langileak dira Akauzaztekoak: ingurua
ikusi eta sentitzeko duten moduari sekula muzin egin gabe, bazterrean, ostrazismoan
eta kritikari zein entzuleen onarpenik gabe ibiltzeko beldurrik gabe. Akauzazteren
musika harrian landuta dago eta estalki lakar izurtsuak biltzen du. Ertz ezpaltsu,
zorrotz eta irregularrak ditu. Erretako plastikoa eta erretzen ari den kubierta
usaina dario. Akauzazteren musika entzuteko jarrera aktiboa izan behar du entzuleak:
piezek euren arauak ezartzen dituzte, ez dira ez errazak eta ezta ederrak ere
entzuteko, lan egin behar da muinera iristeko. Akauzazteren musika gaueko ordu
txikietan hiri industrialetan egon ohi den marmarra bezalakoa da, kristalezko
fatxaden isiltasuna bezalakoa, etxe-orratzetako porlan eta metala, mendian behera
datorren labazko erreka baten antzera bidean dagoen guztia ( makal baina ezinbestean)
txikitzen duena. Subkontziente kolektiboan bizi eta amesgaiztoetan agertzen
diren beldurren antzekoa, gure bihotz txikietan gordetzen dugun gorroto, amorru
eta pasioa bezalakoa.
CD berri honetan euren ingurune naturaletik (musika akelarreak ospatzen dituzten
Azkoitiko mataderoa) kanpo atera dira eta hirukote bezala agertu dira oholtza
gainean: entzuleria fidelari ezagunak zaizkion piezen proposamen biluziagoa,
gordinagoa, basatiagoa eta erraietatik zuzenean datorrena ( posible bada). Akauzazteren
soinuaren amildegian barneratzeko aukera ematen digu, eta horrelako lurrikara
emozionalaren erdian egonda sentitzen den bertigoa esperimentatzeko modua.
57 minututan Akauzaztek musika trinkoa, mamitsua, sendoa eta bateratua ematen
du. Hainbat erregistro erabiliz eta euren doinuetan hamaika xehetasun emanez
sekulako aukera zabala jartzen digute begien aurrean. Oholtza gainean hiru lagun
bakarrik izan arren, hogei balira bezalako zarata egiteko gai dira eta baliabide
material eta bitarteko teknologikoen gabezia, irudimena, irrika, ilusio eta
gogoarekin gainditu daitezkeela erakusten dute. (sasoi batean Faust, This Heat
edo 713avo Amor-ek egin zuten antzera). Gabiltzan garaian ibilita eskertzekoa
da jarrera hori.
Gisa-ren mantra elektrikoak infernurako bidean iniziazio lana egiten du. Aurreneko
minutuetan, kobazulo batetik baletoz bezala islatzen diren soinu maila desberdinek,
arnas hartzeko zirrikiturik gabe utzi arte inguratzen gaituzte. Trantzerako
gonbidapena zirudiena, oharkabean, abisurik gabe ìAitaren etxeanî
kantaren emanaldi iraultzaile eta basatia bihurtzen da. Garai bateko Swans,
Black edo Godfleshen atzean geratzen ez den soinu jipoi jasanezina.
Berriro-n giro lokartu, larri eta urduriari eusten dion hezurdura osatzen du
perkusioak. Akauzateren errepertorioko ahots joko onena da honakoa: ez gara
ìondo abesteazî ari, intentsitate, pasio, zintzotasun eta uste
sendoaz baizik.
Aintzina, basabereak piezak Akauzazteren doinuen onena eskaintzen digu: isiltasunaren
eta zarataren arteko txandaketa, barealdi eta ekaitzaren artekoa. Abestiaren
lehenengo zatiak itsaso barea lirudike, kostaldea ferekatzen duten olatuak.
Jakinekoa da, ordea, itsaso barearen azpian munstroak daudela ezkutuan. Bigarren
zatia erabat itxuraldatzen da eta zarata eta kaos izugarria lehertzen da. Entzuleagoari
feedback eta distortsioz osatutako eroaldian murgilarazten dioten bitartean,
gitarra, baxua eta bateria jotzen dituzte, itoarazten dituzte, amorruz eta minez
oihu egiten duten arte.Hori guztia lehertzear dagoen klimax unean.
Erritmo tribal primitiboa nagusi da Suharriak-en. Oihu guturalek eta errepikapen
obsesiboek efektu hipnotizatzailea dute. Muinaren erdian Bat ageri zaigu. Instrumentuei
erabilera perkusiboa ematen zaien abesti hau gogorra da, malkartsua, erritmo
asaldatua ematen duena. Gimiendo brasas abestiaren bertsio zoragarri, pasiozko
eta zirraragarria dator gero. Muin delikatu eta hauskorra indar emozional izugarria
duten bi soinu murruk inguratzen dute. Yonki taldeak duen pieza zuzen eta basatienetako
bat da ( bai musika aldetik, bai letra aldetik) eta erruki izpirik gabe eskaintzen
digute. Abestiaren izaera errepikakor, fisiko eta itogarriak lepora egiten du
salto zuzen zuzenean. Abilezia guztiak eskainiz, Gorpuziega abestiarekin bukatzen
da albuma. Musika elektroniko inteligentea egiten dakiela erakusten du Akauzaztek
azken kantu honekin, barkaberatasunik gabe, saiakera sasi esperimental idorretan
galdu gabe. (ikus Main, Zoviet France edo Kluster). Giro goritu, ugertsu eta
herdoilduak, bide ematen dio abestiaren bukaeran, ekialdeko (Nepaleko doinuak)
ikuspegi zabalei. Meditazio eta trantzearen diziplina berrezartzera datozen
ekialdeko doinuok Mendebaldeko kultura goibelarentzat ihesbide bezala azaltzen
dira. Isiltasuna iristean atximurka egin beharko diogu geure buruari bizi izan
duguna egiazkoa dela ziurtatzeko, eta ez amets hutsa: denboraz eta lekuz gugandik
hurbil dagoen errealitatea: Akauzazte.
Akauzazte: terrorista ozenak. Akauzazte: zarataren alkimistak. Akauzazte: arima goibel eta nekatuentzako oasia. Akauzazte: bukaeraren bukaeran, bere kateak hautsi eta beste behin ere, jainkoei desafio egiten dien Prometeo post-nuklearra.